Zer da T’Erdi?
Bat ez da batera ailegatzen, bi t’erdi!
Bi t’erdi matematikaren logika hutsaren bidez ebatzi ezin daitekeen ekuazio konplexu baten emaitza da: 1+1=2,5.
T´ERDI esamoldeak elementu ukiezin hori adierazten du, sokada bat trenkatzen duen baliorik preziatuena, mendiko erronkek berezko dituzten zailtasunak eta arriskuak gainditzeko. Bakarrik hutsaren hurrengoa gara.
Logika guztiaren aurka baieztatzen dugunean bat gehi bat bi baino gehiago dela, adierazi nahi dugu antolakunde baten baitan pertsonen artean sortzen den erlazio mota faktore funtsezkoa dela emaitzak lortzeko, baita lantalde batek denboraren joanean baturik jarraitzeko ere.
T´ERDI esperientziak garapen-programak dira, pertsona eta lantaldeen beharrizanen eta gaitasunen neurrira diseinatuak, eta naturan egiten dira. T’ERDI programetan lehentasunezkoak dira natura-ingurunea eta zer baldintzatan gauzatzen diren ekintzak. Ingurune eta baldintza horietan gertatzen direnak dira lan-agendaren ardatz, eta aukeratzat hartzen dira norberaren eta lantaldearen hazkunderako.
Antolakundeak ez daude pertsonaz osaturik, pertsonak dira. Ikasi dugu, antolakunde-ingurune konplexuetan, pertsonek dituzten erronkei aurre egiteko ez dela nahikoa lantaldeko kideen gaitasun eta eskumen teknikoak garatzea; horrez gain, ezinbestekoa da lantaldeen barnean eta erakundearen erpin guztiekin koordinazio- eta komunikazio-maila optimoak lortzea.
Lokarri ikusezin horiek, konfiantzak adibidez, eragina dute lantaldeen errendimenduan, handitu egiten dute haien abiadura eta eraginkortasuna, eta iraunkorrago bihurtzen dituzte ingurune gero eta aldakorrago eta konplexuagotan
Programak
T´ERDI programak neurrira diseinatzen dira, hiru maila hauek kontuan hartuta: antolakundea bera, taldea eta pertsona. Beraz, ez dira proposamen itxiak. Hala ere, lan-prozesu bat dago oinarrian, hiru fase edo unetan egituratua.
Korporatiboa
Antolakundearekin orpoz orpo eta osatzen duten pertsonekin eskuz esku lan egiten dugu. Elkarlanerako ikuspegi hori bideratzeko, ordea, gai izan behar dugu besteei enpatiaz entzuteko, eta bestearen ikuspegira hurbiltzeko bideari ekiteko.
Beharrezko hurbiltze-bide horretan, lagungarri izan dakiguke umiltasuna eta apaltasuna, gure bezeroengandik, gurekin batera ikasketa-prozesuak diseinatzen dituzten haiengandik, ikasten jarraitzeko.
Zeharkaldiaren metaforak balio digu, gainera, prozesuaren ideia azpimarratzeko, eta ez horrenbeste esperientziarena. T’ERDI programak lagungarri dira prozesu pertsonalak eta kolektiboak bideratzeko. Uste dugu hogeita lau orduko bizikidetza, programak irauten duen hainbat egunetan, aukera egokia dela lantaldeari eta geure buruari begiratzeko, bai gure funtzioetan eta antolakundearen baitan, bai gure berezko rolean
Urrundu egin nahiko genuke, hortaz, Team Building esperientzietatik eta hotsandiko hitzaldi motibatzaileetan oinarritzen diren esku-hartze karismatikoetatik, eta enpatia eta besteari entzutea hartu nahiko genituzke konpetentzia nagusitzat, eraldaketarako ikasketa-prozesuak oinarri horien gainean sostengatzeko.
Bai korporazioak, bai lantaldeak eta bai pertsonak berak helburu batzuk izango dituzte, eta, hain zuzen, helburu horiek lortzeko egiten dugu lan guk. Ezinbestekoa dugu helburuen hiru maila horien berri jakitea, esku-hartze eraginkorrak diseinatzeko, beti ere lantaldearekin elkarlanean.
Horretarako erabakigarria da antolakundearen erronkari buruz solas egitea, lantalde bakoitzarengandik espero denari buruz hitz egitea, eta, batez ere, tartean den pertsona bakoitzari erronkak zer eskatzen dion jabetzea: erronkari erantzuteko erronka sentitzea, horra aurrera egiteko bultzada
Irekiak
Paradoxa badirudi ere, T´ERDI aukera bat da geldialdi bat egiteko, oinez goazen eran arnas hartzeko, geure buruari begiratzeko eta nor garen eta non gauden hobeto jakiteko.
Egokia izan daiteke gure buruari begiratzea, eta erlazio eta emozio aldetik gure gaitasunak zertan diren ikustea, gaitasun horiek behar-beharrezkoak baitira ingurune gero eta aldakorrago eta konplexuago honetan. Testuinguru horretan arreta inoiz baino banatuago dago, eta horrek higadura handiagoa sortzen du. Era berean, elkarreraginerako modu berrien zurrunbiloan, gero eta lausoagoa da alderdi pertsonalaren eta profesionalaren arteko muga.
Esparru pertsonalagoan, lidergoaren ideia interpretatu daiteke besteengan eragin positiboa lortzeko modu gisa ere. Ezinbestean, pertsona guztiok dugu eragiteko estilo berezi bat, gure izaeran eta, beraz, gure ibilbide pertsonalean erabat oinarritua.
Programa irekiak norberaren garapenarekin konpromisoa duten pertsonei, lider formal edo ez-formalei zuzenduak daude.
Programa guztiak erreferentziazko data baino hilabete lehenago hasten dira, tailer formatuko lan saio batekin. Saio horren iraupena jardunaldi erdikoa da, eta kezka eta gaitasun pertsonalak identifikatzea izaten da xedea
Programa irekiak 2022/2023
Naturaren ahalmena
Gizakion esku-hartzerik gabe, mendiak egiturazko beharrizan bat baino ez dira, balio neurgaitzeko mihise bat, zaindu beharrekoa; gizakiak ematen die ingurune menditsu horiei edertasunaren zentzua, eta zentzu hori, orain inoiz baino gehiago, zehaztu egin behar da.
Mendiak babesleku, mendiak ihesbide, mendiak arima elikatzeko, mendiak nor garen deskubritzeko, mendiak begiratzeko eta ikusteko, mendiak ikasteko, mendiak galtzeko. Gailurrera bidean, naturaren arauak onartzen ditugu, naturak ez baitu zirkinik egiten gu igarotzean. Bakoitzak daki nora iritsi nahi duen, zein duen gailurra; altuagoa izateak ez du zertan hobea izan. Naturarekin ditugun hitzorduak era askotakoak izan daitezke: batzuetan bakardadean, hurrena konpainian, aldizka pareko batekin eskuz esku, soka berari lotuta, elkarri txanda emanez, arrasto sendo bat marrazteko. Mendiak kontzentrazioa eskatzen du, ez du ametitzen eguneroko distrakziorik, oinarrizkora mugatzen eta murrizten du gure izatea. Hala, esparru murriztu horretan, beste era batera lan egin daiteke. Desberdin. Maiztua da metafora: mendia ispilu bat da eta itzultzen digun irudia ez da beti begiesteko erraza: Gai al gara gure ahalmenetan konfiantza izateko? Eta adiskidearen gaitasunean? Ba al dugu esku hartzeko modurik gure bat-egitea indartsuagoa izan dadin gatazkak konpontzeko? Utzi al dezakegu eguneroko bizimodua, baltsamikoa begitandu daitekeen beste errealitate bat bizitzeko? Zer aurkitzen dugu gure burua aurkitzen saiatzen garenean?
T’ERDI KOKAGUNEAK
* Sakatu mapan agertzen diren kokaleku ezberdinen gainean haien informazioa hedatzeko.
Lantaldea

Naturarekiko maitasuna eta pasioa
Naturarekiko hartu-emana sendabidea da. Gizaki guztiok lotura neurobiologikoa dugu naturarekin. Argudio ugari eman ditzakegu naturara itzultzeko komenigarritasunari buruz; zerrenda luzea eta sinesgarria osatuko genuke.
Alabaina, T’ERDI proiektuaren jatorria ez dago argudioetan, emozioetan baizik, eta, zehazkiago, lantaldeko kideok naturarekiko sentitzen dugun maitasunean. Indar handiagoz edo txikiagoz, gure bizitzaren ardatzetako bat bihurtu dugu maitasun hori. T’ERDI egin dugu, hasteko eta behin, natura eta eremu irekiak maite ditugulako, eta, hain zuzen, emozio horren bultzadak ematen dio zentzua gure ekimenari. T’ERDI oso loturik dago gure izatearekin, eta hori da proiektuari egiazkotasuna eta zintzotasuna ematen dion muin-muineko elementua.
Alberto Iñurrategi
Alpinista eta mendiko gidaria
Hamalau zortzimilakoak igo dituen munduko hamargarren alpinista da
Alfonso Núñez
Basquelands Way-ko Ideia Managerra
Erdi-mailako Mendiko Kirol Teknikaria, eta Komunikazio Zientzietan Lizentziatua