Europako Mendietako Parke Nazionala Kantauri Mendilerroaren itsasargia da, doi-doi 550 kilometro koadroko mendigune liluragarri bezain gotorra. Zenbait lekutan, hain gertu dago itsasoa, ezen kareharrizko dorreen eta urdin likidoaren arteko kontrastea ezinezkoa begitantzen baita. Mendi hauetan erromatarren atzaparretatik babesten ziren kantabriarren irudiko, itsasoak lehenago harrapatuko zituen etsaien ezpaten ahoak baino. Abeltzaintzak eta artzaintzak edo, berdina dena, berdeak eta berdearen bizitasunak muga egiten du Martekoa dirudien unibertso griskararekin. Harriak zirrikitu guztiak hartzen ditu, eta tontor, orratz, horma eta apetatsu pilatzen diren harkaitz-kaos sinfonia harrigarria osatzen du.
Peña Santaren hego aurpegia katedral bat da; Urriellu Haitzaren mendebaldeko aurpegia, abenturazale ororen amets bertikala; Torre de la Palanca mendiaren iparra, iluna eta beldurra eragiten duena; Horcados Rojoseko hormen laranja dirdaitsua… opari bat dira begientzat, baina bidesari bat ordaindu behar da: mendigune honetan edertasuna ez da doakoa begi alferrentzat, eta eremu malkartsuetan ibili behar da oinez, opari horiez gozatzeko. Ahaleginaren parekoa da saria.